Komatxoak eta iratxoak. Errementariaren etxean zotza nagusi?

Joan zen ostiralean, urtarrilak 27, atseginez hartu nuen parte Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren 5. argitaraldiaren aurkezpenean. Hiztegi hori esaldi trinko batez azaldu nahian, hauxe esan nuen:

Antzinatik XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia da Orotariko Euskal Hiztegia.


Biharamunean egunkaria zabaldu nuenean, hara non ikusten dudan esaldi hori akats larria zen aldaketa txiki batez agertzen zela albistearen izenburuan:

Aitzinatik [sic] XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia da Orotariko Euskal Hiztegia.

Esaldi hori komatxo artean zetorrenez irakurleak pentsatuko zuen niri horrelaxe jaulkiko zitzaidala. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioenez:

komatxo iz. Hitz baten edo esaldi baten aurretik eta ondotik jartzen den marka (""), hitz edo esaldi hori aipamen bat dela [...] adierazteko erabiltzen dena.

Hortaz, egunkariak esaten zionaz fidatuz, irakurleak pentsatuko zuen:

Errementariaren etxean zotza nagusi.

Nire idatzietan, behin baino gehiagotan, zotzak ez ezik tantaiak ere aurkituko dituzte irakurleek agian, baina oraingoan ez da horrelakorik.

Garai batean, prentsan agertzen ziren akatsen errudunak linotipietako iratxoak zirela esaten zen. Badakizue zer diren iratxoak:

iratxo 1 iz. Gizakiei laguntzen edo, bereziki, kalte egiten omen dien izaki alegiazkoa.

Dirudienez, linotipiak desagertu zirenean, iratxoak erredakzioetako ordenagailuetara aldatu ziren.

Ezer gutxi behar izaten dute iratxoek beren deabrukeriak egiteko. Nahikoa dute letra bat lekuz aldatzea edo baten ordez beste bat jartzea. Kasu honetan aukera polita baliatu dute, euskarazko hitz batzuk nahastea oso erraza baita. Arrisku horretatik babesteko tresnarik egokiena hiztegia da, hor zehatz esaten baita hitz bakoitzak zer esan nahi duen eta nola erabiltzen den:

aintzin iz./adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, aintzin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aitzin].
aitzin 1 iz. AurreaHeriotzako aitzin hartan. Aitzina hartu. Aldare aitzina. Etxe txikitxo aitzin-zuri bat.
antzina adb. Aspaldi, duela denbora askoAntzina gertatutako gauzak. Orain antzina baino gehiago argitaratzen da euskaraz. Antzinatik datorren ohitura.

Erne bada, iratxoak noiznahi bihurrikeriak egiteko prest izaten baitira.





Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak