Kale-neurketak eta kaleko neurketak

Soziolinguistika arloan hedatua dago gure artean kale-neurketa terminoa, kalean egiten den euskararen erabileraren neurketa adierazteko. Termino hori euskarak hitz-elkarteak sortzeko dituen erregelen arabera al dago eratua? Erregelen arabera diot, ez arauen arabera, azpimarratzeko ez naizela ari erakunde batek, jo dezagun Euskaltzaindiak, emandako arauez, baizik eta euskarak bere historian zehar izan dituen erregulartasunez.

Euskarak era askotako hitz-elkarteak sortu izan ditu eta sortzen ditu. Euskarazko hitz-elkarteen sailkapen zehatza Hitz-elkarketa/1 liburuan ikus daiteke. Kale-neurketa terminoa liburu horren 43. orrialdean ageri den hitz-elkarte sintetikoen sailekoa da, eta, horren barruan, elkarte-ekintza sintetiko osatuen azpisailean A-x-keta (II.2.3.c) motakoen artekoa.

A-x-keta formula ez da batere misteriotsua; esan nahi du hitz-elkarte horiek A izen bat dutela eta ondoren hitz eratorri bat, x aditzoin bati -keta atzizkia erantsiz osatua.

Aztertzen ari garen kasuan A kale da, x neurtu aditzaren neur aditzoina eta atzizkia -keta: kale + neur +-keta. 

Hitz-elkarte horien adibide batzuk diru-bilketa, etxe-erosketa, lurralde-antolaketa, xabalina-jaurtiketa dira.

Hitz-elkarte sintetikoen ezaugarriak Hitz-elkarketa/3 liburuan daude azalduak, eta aztertzen ari garen motakoenak, zehazki, 52. orrialdean. Hor esaten den bezala, -keta atzizkiak ekintza adiera du; neurketa neurtzeko ekintza da. Osagaien arteko erlazioari dagokionez esaten da objektu-aditz-ekintza motakoa dela. 

x aditza du erregimenekoa izaten da (bildu, isuri, aldatu, neurtu). Goazen orain hitz-elkarte horren semantikazko ezaugarrietara. Semantika alderdia aztertzeko modurik errazena parafrasira jotzea da, hau da, hitz-elkarteak duen adiera berbera esaldi batez eratzera.

Zer dira diru-bilketa, etxe-erosketa, lurralde-antolaketa, xabalina-jaurtiketa? Dirua biltzeko ekintza, etxea(k) erosteko ekintza, lurraldea antolatzeko ekintza, xabalina jaurtitzeko ekintza dira. Parafrasietan A objektua x aditzaren osagarri zuzena da, esan nahi baita dirua biltzen da, etxea(k) erosten d(ir)a, lurraldea antolatzen da eta xabalina jaurtitzen da.

Zer da, orduan, kale-neurketa? Kalea(k) neurtzeko ekintza. Soziolinguistikak ez ditu kaleak neurtzen, kalean euskaraz zenbat egiten den baizik.

Nik horri, kalean egiten den neurketa denez, kaleko neurketa esango nioke.

Kale-neurketak topografoek egiten dituzte eta kaleko neurketak, berriz, aztertzen ari garen kasuan, soziolinguistek.

Nik behintzat hala esango nuke.

Comments

Post a Comment

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak