Errodamenduak makina erreminten zaindari

Iturria: Schaeffler 

Errodamenduak funtsezkoak dira makina erremintak eraginkorrak izan daitezen, kritikoak direlako, makinek ondo funtzionatzeko ez ezik, baita lantzen dituzten piezek kalitatea izan dezaten ere. Makinak erabiltzen dituztenentzat, oso garrantzitsua litzateke makinaren osagaien unean uneko egoera eta etorkizunekoa ezagutzea. Horretarako, sentsoreak erabil daitezke, direla makina berriek fabrikatik ekarriko dituztenak direla makina zaharrei jar dakizkienak.

Batzuetan, abantaila du sentsoreak osagaietan bertan txertatzea, horiek izan ohi direlako zenbait parametro neurtzeko leku bakarrak. Esate baterako, 
bibrazioak, indarrak, tenperaturak eta presioak neurtzeko, makina erreminta batean mekanizazio-prozesurako esanguratsuak diren errodamenduei atxiki dakizkieke sentsoreak. Datu horiek makinaren egoeraren informazioa emango dute baina, baliagarriak izango badira, gorde egin behar dira eta haietatik ondorioak atera. 

Neurketek ematen dituzten datuak eskuratu ahal izateko, makinak barne sare bat izan behar du, sentsoreek sortzen dituzten seinaleak jasoko dituena. Datu horiek, Internet bidez, hodeiko plataforma batean gordeko dira eta aldi berean makinaren kontrolera ere bideratuko dira. Horrela, datuak uneko kontrolean erabiltzeaz aparte, datuen historia ere edukiko da etorkizunean, makinaren sarera konektatu gabe. Hodeian kalkuluak osatuko dira amarauneko zerbitzuen edo aplikazioen bitartez. Sortuko den datu kopurua oso handia izango denez, eta gainera garrantzitsua izango denez denboran zehar parametroek duten bilakaera kontuan izatea, Big Datako teknikak erabiltzea ezinbestekoa izango da.

Makina bakar baten datuak jaso ordez lantegi bateko hainbat makinaren datuak eskuratzen badira datu horien guztiak analiza litezke hodeian, lantegiaren produkzioa optimizatzeko. Gainera, produkzioko datuak eta beste iturri batzuetakoak enpresaren kudeaketako sistema informatikoan, ERPan, trata daitezke, eskariak automatikoki prozesatzeko.


Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak