Thursday, December 22, 2016

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Euskaltzaindiaren Hiztegiraino Akademiak egin dituen urratsak ezagutu nahi badituzu egin klik hemen

Euskaltzaindiak, 2016an, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren paperezko bigarren argitaraldiarekin batera, hiztegia Internet bidez kontsultatzeko aukera jarri du, honako helbide honetan: Euskaltzaindiaren Hiztegia.

Hor bi motatako bilaketak egin daitezke: bilaketa arruntak eta bilaketa aurreratuak.

Bilaketa arrunta

Bilaketa arruntak, azken finean, paperezko bertsioan egin daitezkeenen antzekoak dira. Bilaketa-laukian jartzen den hitzari dagozkion sarrera eta azpisarrerak erakusten ditu sistemak. Adibidez:

Galdera horri dagokion emaitza hauxe izango da:



euri sarrera eta hainbat azpisarrera agertzen zaizkigu: euria ari izan, euria egin, eta abar.

Sarrerak kategoria gramatikala (iz.), definizioa urdinez, eta benetako testuetatik ateratako adibideak, letra etzanean, dauzka. Azpisarrerak aditzak direnean, kategoria gramatikalaz gainera, aditzaren erregimena(k) ere agertzen d(ir)a. Adibidez: euria ari izan du ad. Kasu honetan, gainera, beheko oharrean gramatikazko xehetasun batzuk ere ematen dira.
Oharraren azpian dagoen estekak Emaitza gehiago dio. Hor klik eginez gero, euri sarrerarekin zerikusia duten beste sarrera eta azpisarrera batzuk ikus ditzakegu:
lambro eta zaparrada sarreren azpisarrerek euri hitzaz osaturiko hitz elkartuak dituzte, eta baita adiera aldetik kidetasuna duten beste hitz batzuetara igortzen gaituzten erreferentziak ere: langar, lantzurda, lanbro
Honaino bilaketa arruntak ematen duenaren adibidea. 

Bilaketa aurreratuak 

Bilaketa aurreratuak, bilaketa arruntak ematen duenaz aparte, beste aukera asko ere eskaintzen ditu. Banan-banan ikusten joango gara.

Bilaketa aurreratuan sartzeko, bilaketa arruntaren laukiaren azpiko esteka dugu. Hor klik egindakoan honako pantaila hau ikusiko dugu:


Goitik behera, hondo grisa duten hiru atal daude. Goiti hasita lehenengoan menu zabalgarri bat dago. Hori baliatuz hainbat bilaketa interesgarri egin ditzakegu:
  1. Sarreretan. Bilaketa arrunta berbera da hori.
  2. Hitz-hasieran. Bilaketa-laukian euri jartzen badugu, bilaketa arruntean hitz hori jarri dugunean ikusi ditugun emaitzak lortuko ditugu eta gainera beste hauek:


    3. Hitz-amaieran. Aukera hau oso baliagarria da atzizkien erabilera aztertzeko. Adibidez, -tsu atzizkia duten hitzak eska ditzakegu.


    Guztira 440 sarreratan aurkitu dira, besteak beste goiko irudikoak.

    4. Adibideetan. Demagun euritsu bilatzen dugula adibideetan. Adibide hauek aurkitzen dira beste batzuen artean:

     Apirila euritsu, urte hura ogitsu. Mila huskeria gazi-gozoren inguruak lanbrotzen dituen giro euritsu hori Ingalaterra aldetik dator.

    Lehenbizikoari erreparatzen badiogu ikusten dugu (esr. zah.) marka duela, esaera zaharra dela adierazteko. 

    5. Definizioetan. Bilaketa mota hau interesgarria da kideko kontzeptuak bilatzeko, adibidez haragijaleak. Horretarako bilaketa-laukian haragijale jarriko dugu, eta emaitza honako hau izango da:


    Guztira 31 emaitza, besteak beste goiko irudikoak.

    6. Taxonetan. Onddoei, landareei eta animaliei dagozkien sarrerek espeziearen izen zientifikoa daukate. Horien bidezko bilaketak ere egin daitezke. Adibidez, quercus galdetzen badugu emaitza hau lortuko dugu:



    7. Erreferentzietan. Adiera aldetik zerikusia duten sarreren erreferentzietan ere egin daitezke bilaketak. Adibidez: labaindu galdetuz gero, erantzuna hauxe izango da:


     8. Antzeko formetan. Adibidez makilatu galdetze badugu erantzun hau jasoko dugu:


    Bilaketa konbinatuak


    Atal honek bost menu zabalgarri ditu, hainbat motatako kontsultak egiteko erabilgarriak direnak:



    Hona zenbait adibide:

    1. Kategoria gramatikal jakin bateko hitzak. Esate baterako lokailuak ikusi nahi baditugu Kat. gramatikala: Lokailua hautatu eta Bistaratu sakatuko dugu. Honako hau izango da emaitza:
    2. Kategoria gramatikal jakin bateko eta euskalki bateko onomatopeiak. Adibidez, bizkaierazko onomatopeiak:
    3. Jakite-arlo jakin bateko hitzak.  Adibidez, Arkitekturako hitzak:
    Letraka hitzak ikustea

    Bilaketa konbinatuaren azpian dagoen letra-zerrendak eramango gaitu letra jakin batez hasten diren sarrerak ikustera.

    Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak integraturik daude

    Bilaketa aurreratuan ari garela beti daukagu aukera emaitza bakoitza Orotariko Euskal Hiztegian, XX. mendeko corpusean edo Lexikoaren Behatokian nola agertzen den ikusteko. Zenbait adibide:

    1. Jakin nahi nuke izparringi  hitza Euskaltzaindiaren Hiztegian nola agertzen den, hitz hori nola erabili den denboran zehar eta forma hori Hiztegi Batuan sartzeko garaian zer arrazoi izan diren.

    Has gaitezen Euskaltzaindiaren Hiztegiak zer dioen ikustetik. Sarreretan bilaketa eginda hau agertzen zaigu:

    izparringi iz. g.er. Egunkaria.

    Izena da, gutxi erabilia eta definitzaile gisa Egunkaria agertzen da. Horrek esan nahi Egunkaria hobesten dela. 

    Zer nolako bilakaera izan du hitz horrek? Hori jakin nahi badugu eskuinaldean dagoen Iturriak erakutsi  botoia sakatuko dugu. Lau esteka agertuko zaizkigu behealdean: HBO, OEH, XX. mendea eta Lexikoaren Behatokia.

    OEH sakatzen badugu ikusiko dugu hitz horren lekukotasunik zaharrena 1916koa dela, neologismoa dela eta zer idazlek erabili izan duten: KirikiƱok, Eguzkitzak, Mirandek, etab. testuen adibideekin batera.

    XX. mendea hautatzen badugu, berriz, 122 agerraldi azalduko zaizkigu beren datuekin (testuingurua, obra, egilea, etab.). Gainera, zerrendaren gainean hiru esteka ditugu: Epeen diagrama ikusi, Testu
    Epeen diagrama ikusi eta Testu moten diagrama ikusi. horiek sakatuz diagrama hauek lortuko ditugu:


    Diagrama honek erakusten digu batez ere 1900-1939 epean erabili zela eta hortik aurrera gutxiago.


    Hemen ikusten dugu bizkaierazko eta gipuzkerazko testuetan erabili dela baina Iparraldeko euskalkietan eta euskara batuan oso-oso gutxi.

    Hirugarrena eskatzen dugunean hau ikusko dugu:


    Diagrama horrek erakusten digu egunkarietan eta aldizkarietan erabili dela batez ere.

    XXI. mendeko erabileraren berri jakiteko, Lexikoaren Behatokia dioen esteka sakatuko dugu. Bederatzi agerraldi bakarrik ditu izparringi hitzak, gutxi, kontuan izanik 50 milioi testu-hitzeko corpus batekoak direla. Bestalde, bada agerraldi bat XX. mendearen lehen erdiko testu baten aipuan datorrena eta, harrigarriena, Iparraldeko idazle batzuenak direla agerraldi gehienak.

    Azkenik, Hiztegi Batuan sartzea nola erabaki zen HBOk (Hiztegi Batu Oinarridunak) erakutsiko digu. Hor ikusten dugu gaur egun gutxi erabilia dela kontuan izanik egunkari hitza hobestea erabaki zela.

    2. Surflari hitzari buruzko informazioa eskatzen badugu era berean, ikusiko dugu Euskaltzaindiaren Hiztegiak hitz horren kategoria gramatikala (izena), definizioa eta testu-adibide bat ematen dizkigula. Orotariko Euskal Hiztegian ez da aurkitzen, XX. mendeko corpusean 9 agerraldi ditu, bat ikasliburu batekoa eta beste guztiak saiakera-liburu bakar batekoak, 1992koa bera. Horrek esan nahi du XX. mendearen bukaera-bukaera arte ez dela agertzen hitz hori. XXI. mendeko erabilera ezagutzeko, Lexikoaren Behatokira joko dugu eta hau ikusiko dugu:

    859 agerraldi ditu, iturri askotakoak (Argia, Jakin, Kresala  eta Elhuyar aldizkariak, Berria eta El Diario Vasco egunkariak, EITBren webgunea, Goenkale).

    Horrek esan nahi du azke urteotan izugarri erabili eta hedatu dela.







No comments:

Post a Comment