Liburuaren etorkizuna The economist-ek argitaratu duen saiakera baten arabera

The Economist-ek argitaratu berria du saiakera bat, Papyrus to Pixels izenburua duena. Liburu horren muina dakarkit hona.

Teknologia digitalak argitalpen-industrian izan litzakeen ondorioek jende asko beldurtu dute. Egia esan, paperetik digitalerako aldaketa horrek inoiz historian zehar izan den aldaketarik handiena ekar dezake liburuak ekoizteko, saltzeko eta irakurtzeko moduetan. Berez, liburua bera teknologia bat da, jakintza zabaltzeko erabiltzen dena eta bizitza luzea izan duena. Ideia iraultzaile asko liburuen bidez hedatu dira. Alabaina, galdera hauxe da: zer etorkizun espero daiteke liburuarentzat?

Asko izan dira azken urteotan liburuen, liburu-denden, idazleen eta argitaletxeen hil-kanpaiak jo dituztenak. Oraingoz liburu-dendek soilik izan dituzte kalte larriak.

Antzina aberatsek bakarrik eduki zitzaketen liburuak. XX. mendean merkatu ziren jende gehienak eduki ahal izateko adina, eta XXI. mendean digitalizazioak eta globalizazioak are eskuragarriago egin dituzte. Bowker ikerketa-enpresak dioenez 2013an 2,3 milioi ISBNdun liburu argitaratu ziren eta 1960an, aldiz, 8.100 besterik ez. Gainera, iazko zifretan ez dira sartzen e-book moduan, ISBNrik gabe, bere kasa egile askok argitaratzen dituzten tituluak. Hauetako askok ez dute argitaletxeen interesik piztu, baina gaur egun liburu digital bat banatzeak ez du ia kosturik eta edonoren esku dago.

Paperezko liburua berehala pikutara joango zela esaten zutenek ere ez dute asmatu. 2013an AEBetan, munduko liburu-merkaturik handienean, e-booken salmentak liburu guztien salmenten %30 izatera iritsi dira, testuliburuak eta liburu espezializatuak alde batera utziz gero, Alemanian %5era, eta ebooken hazkundea moteldu egin da merkatu askotan, hala nola AEBetan eta Erresuma Batuan. Argitaletxeen ustez, paperezko liburuak izango dira produktu nagusia hamarkadatan, eta, batzuen ustez, beti. Musikak eta egunkariek izan dituzten gainbehera izugarriak ez dira liburuetan gertatu.

Ez da ahaztu behar paperezko liburuak badituela bere abantailak: bereizmen handia eskaintzen dio irakurleari, ez da hauskorra, ez du bateriarik behar eta opari egiteko egokia da.

E-booka ez da digitalizazioaren abantailak izan dituen produktu bakarra, paperezko liburura ere iritsi dira. Orain arte, ezinbestean, argitaletxeek liburu-salmenten aurreikuspenak egiten zituzten eta horren araberako tiradak egiten zituzten. Batzuetan asmatzen zuten baina beste askotan ez, eta saltzen ez ziren aleak itzultzen zizkieten, kasu batzuetan kopuru handitan, diru-galera handiak ekarriz. Inprimatzeko teknologien aurrerapenak tirada txikiagoak egin ahal izatea eta are eskatu ahala aleak inprimatzea ahalbidetzen die, arriskuak nabarmen murriztuz. Tirada txikian argitaratu den titulu bat ondo saltzen hasten bada beste tirada txiki bat egin daiteke eta titulu agortu baten ale gutxi batzuk eskatzen badituzte ere inprima daitezke kostuak handiegiak izan gabe.

Azken hamarkadan izan den aldaketarik handiena liburu-denden gainbehera izan da. Bestsellerrak ondo saltzen dira baina liburu-denda miatuz aurkitu izan diren liburu horiek nekez saltzen dira. Liburu-denden egitura bera ere aldatu egin da: liburuei eskaintzen zaien lekua lehen baino txikiagoa da eta beste produktu batzuk agertu dira, hala nola papertegia edo jostailuak. 1980ko hamarkadan liburu-denda kate handiek liburu-denda txiki asko desagerrarazi zituzten. Gero, Amazon agertu zen eta horrek ere beste asko ixtea ekarri du. Amazonek AEBetako liburuen erdiak eta liburu digitalen bi heren inguru saltzen omen ditu. Erresuma Batuan, berriz, liburu digitalen salmenten parte handiagoa du oraindik. Amazonek, ordea, denetik saltzen du eta bezeroak beste gauza batzuk erostera erakartzeko produktutzat hartzen du liburua. Argitaletxeak estutu egiten ditu eta liburuen prezioa libre den merkatuetan kostaprezioaren azpitik saltzen ditu. Baina saltzaile bikaina da eta horregatik argitaletxeek sentimendu kontrajarriak dituzte harekiko: alde batetik gorrotatzen dute baina bestetik erabiltzen dute, saltzaile ona delako.

XIX. mendea baino lehen ohikoa zen idazleek beren liburuak argitaratzea. Jakina, hori ez zen oso sistema egokia obrak zabalkundea izateko. Hurrengo mendeetan, argitalpen-industria garatu ahala, norberak obra argitaratzea salbuespen bihurtu zen. Irakurleak liburu-dendetara joaten ziren liburuak erostera eta liburu-dendek argitaletxeei erosten zizkieten liburuak. Liburu-dendak stockik ez izaten saiatzen ziren.

Orain berriz etorri da idazleak berak liburua argitaratzea. Interneten bidez sal ditzakete beren ebookak eta paperezko liburuak, liburu-dendek sal ditzaten ahalegindu gabe. Amazonen bidez iritsaraz liteke liburua hark dituen 250 milioi bezeroengana. Beste hainbat saltoki daude Interneten idazleen eskura, eta baita eskatu ahalako inprimatze-lanak egiten dituzten hainbat etxe ere. Amazonen bidez liburua saltzen duen autore batek lor dezake salmenta-prezioaren %70 eta argitaletxe baten bidez bere ebooka argitaratzen duenak, aldiz, %25. AEBetan 2012an ISBN zenbakia lortu zuten liburuen laurdena idazleek beren kasa argitaratuak ziren eta Erresuma Batuan 2012an %20.
 
Orain ere, idazle askok argitaletxeekin akordioak egiten dituzte ahal dutenean, paperezko liburuena delako merkatuaren atalik handiena. Hala ere, egileek beren kasa argitaratzeko joera hori argitaletxeen lan egiteko modua aldarazten ari da. Beren kasa liburuak argitaratzen dituzten idazleek oso merke saltzen dituzte. Izan ere, gehienek ez dute idatziz bizimodua ateratzeko asmorik edo esperantzarik. Horrek presioa ezartzen du argitaletxeek jartzen dituzte prezioetan eta haien diru-sarrerak murriztu egiten dira. Prezio-politikaz aparte beste aldaketa batzuk ere eragiten ari dira argitaletxeen lan egiteko moduan. Esate baterako, Interneten irakurleak harremanetan jartzeko eta gomendioak partekatzeko dauden webgune batzuez baliatzen dira tituluak sustatzeko.

Esan beharra dago, ordea, norbere kasa argitaratzearen aldean argitaletxe batek duen gaitasun profesionala probak zuzentzeko, maketatzeko, banatzeko, marketina egiteko etab. beste maila bateko zerbait dela. Nolanahi dela ere, argitaletxeek etorkizunean liburua kaleratzeko prozesuaren barneko parte batzuk bakarrik erabiltzeko aukera eman beharko dute, hala nola maketatzea edo inprimatzea edo banatzea soilik.

Historian zehar, liburuak argitaratzeko teknika berriek beti ekarri izan dute genero berriak sortzea eta baita negozio-eredu berriak sortzea ere. Adibidez, XVII. eta XVIII. mendeetan argitaletxeek harpidetza moduko baten bidez saltzen zituzten askotan liburuak, hau da, liburu bat argitaratu baino lehen irakurleei eskatzen zieten, liburua erosteko prest baldin bazeuden, eman zezatela izena eta aski irakurlek izena ez bazuen ematen bertan behera geratzen zen argitalpena. Geroago argitaletxe batzuek liburuak alokatu egiten zituzten denbora baterako eta horren ondoren liburu bat hiru ataletan banatzen hasi ziren, aldi berean hiru irakurlek liburu bera irakurri ahal izan zezaten. Idazleek ere obren egitura egokitu egin behar izan zuten, eredu horien arabera. Eredu horiek guztiek geroztik iraun egin dute proportzio batean edo bestean gaur egun arte.

Teknologiak eragindako aldaketaren ondorioz, zenbait liburu motak ez du etorkizunik. Esate baterako, sukaldaritzako errezetak, autoak konpontzeko eskuliburuak, bidaia-gidak, entziklopediak eta hiztegiak nekez argitaratuko dira paperean hemendik aurrera. Informazio hutsa ematen duten liburuek ez dute etorkizunik, aldiz, benetan irakasten duten liburuek izan dezakete etorkizuna, baldin eta pedagogia aldetik aberasteko eta erabiltzailearen ikasteko moduari eta beharrei egokitzeko, multimedia elementuak eta softwarea txertaturik badituzte.

Gaur egun argitaletxeek e-booketatik jaso dezakete hainbat datu jakiteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta, horren arabera, erabakitzeko zer argitaratu eta zer ez. Orain arte, eta oraindik gehienetan, argitaletxeak beren senean, gustuetan, adiskidetasunean, bihozkadetan eta egoskorkerian oinarritzen dira titulu baten alde apustu egiteko.




Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?