Hizkuntzaren prozesamendua historia klinikoei aplikatuz bihotzekoa izan dezaketen pazienteak identifika daitezke

Iturria:EHR Intelligence 

IBMk Watson superordenagailua garatzeko arkitekturan oinarrituz, aplikazio-multzo bat prestatu du datuak analizatzeko. Tresna horien gaitasuna probatzeko asmoz, IBMk eta osasun-arlorako softwarea egiten duen Epic Systems enpresak klinika batean erabili dituzte, bihotzekoa izateko arriskua duten pazienteak identifikatzeko, hizkuntzaren prozesamendua aplikatuz, medikuen testu libreko oharrei. 

Bihotz-gutxiegitasun kongestiboa arazo larria da osasungintzan, eta datuen analisi aurreratua erabiliz, gaixotasunaren etorrera-fasean dauden pazienteak identifikatuz gero, interbentzio goiztiar bat egiteko aukera izan liteke. 

Medikuak informazioa jasotzen ari direnean, fitxa klinikoaren oharretan libreki idaztea hobesten dute. Informazio hori egituratu gabea denez, aprobetxatzen zaila gertatzen da. Hortik datuen analisia egitea orain arte lan gaitza izan da, eskuz egin behar zelako.

Alabaina, hizkuntza prozesatzeko algoritmoak aplikatuz ohar horiei, automatikoki erauz daitezke arrisku-faktoreekin zerikusia duten ezaugarriak, hala nola, fitxa klinikoetan sarri izaten ez diren faktore sozialak eta portaerarekin zerikusia dutenak, medikazioa erabiltzeko ereduak, etab.

Teknika hori aplikatuz %85eko zehaztasuna lortu dute bihotzekoa aurreikustekoan, ordu gutxitan 21 milioi fitxa aztertuz. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?