Amazonek erosketa burutu baino lehen bidali nahi ditu paketeak

Iturria: The Wall Street Journal 

Amazon.com-ek hain ondo ezagutzen ditu bezeroak non haietako batek eskari bat burutu baino lehen bidali nahi baitu paketea. Seattle-ko saltzaileak abenduan patente bat erregistratu zuen "aldez aurreko bidalketa" izenaren pean. Patente horrek metodo bat deskribatzen du, bezeroek erosketak berresteko aginduak eman baino lehen paketeen bidalketari ekiteko

Teknika horren bidez, entrega-denbora laburtuko litzateke eta kontsumitzaileek interesa galduko lukete denda fisikoak bisitatzeko. Patentearen dokumentuan Amazonek dio eskaria egiten denetik bezeroak produktua eskuratzen duen arteko denborak "bezeroei Interneteko dendetatik produktuak erosteko asmoa burutik ken liezaieketela."

Hori dela eta, asmoa dute produktuak paketatu eta bidaltzeko eskualde jakin batera, hango bezeroek erosiko dituztela espero badute, iraganean egin zituzten eskarietan eta beste faktore batzuetan oinarriturik, nahiz eta eskaria berretsita ez egon.

Patentearen arabera, paketeek itxaron lezakete tarteko biltegietan edo kamioietan, harik eta eskaria iritsi arte. 

Zer bidali erabakitzeko garaian, kontuan izango lituzkete aurreko eskariak, produktuen bilaketak, gustuko produktuen zerrendak, erosketa-karroaren edukia, itzulketak eta are bezeroaren kurtsoreak produktu baten gainean igarotzen duen denbora.

Gaur egun, Amazonek eskariak jasotzen dituenean, paketeak bere biltegietara bidaltzen ditu, helbideak jarrita, garraio-enpresa baten zain gera daitezen, eta horrek zuzenean 
eramaten ditu bezeroen etxeetara edo beste kamioi batzuetan kargatzen ditu, haiek entrega ditzaten. 

Lanean ibili dira entrega-denborak laburtzeko, beren biltegi-sarea handituz, egun batetik besterako edo egun bereko entregak egin ahal izateko. Iaz Amazonek esan zuen piloturik gabeko hegazkinak erabiltzeko asmoa zuela, pakete txikiak bere biltegietatik bezeroen etxeetara zuzenean eramateko. Patentean, Amazonek ez du esaten zenbat laburtuko lukeen entrega-denbora, proposatzen duen teknika hori erabiliz. 

Patenteak dioenez, Amazonek helbideei dagozkien kaleak edo posta-kodeak soilik jarriko dizkie paketei, produktuak bezeroek behar dituzten lekuetara hurbiltzeko, eta gero, bidean, osatuko ditu helbide zehatzak. 

Amazonek dio metodo horrek bereziki ongi funtzionatuko lukeela asko saltzen den liburu baten edo kaleratzen diren egunean berean bezeroek eskuratu nahi lituzketen produktuen kasuan. Orobat, Amazonek iradoki liezazkieke bidean diren produktuak webgunea erabiltzen ari diren bezeroei, entregatzera iritsiko direla bermatzeko, patenteak dioenez. 

Jakina, huts eginez gero algoritmoak itzulketa-kostuak sortuko lituzke. Kostu horiek ahalik eta gehiena murrizteko, bezeroei deskontuak eskainiko lizkieke edota promozio-opariak egingo lizkieke.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?