Periodikoek estrategia berriak behar dituzte sareko bertsioetatik mozkinak lortzeko

Iturria: E-Reader News

Hal Varian-ek, Googleren ekonomialari nagusiak, Milanen orain dela gutxi izan den Nazioarteko Kazetaritza Jaialdian, esan zuen periodikoen industria tradizionala gainbehera etorri dela 1972az geroztik, azkenaldian are gehiago ari dela higatzen webguneen eraginez eta etorkizunera begira ikusten den argi-izpi bakarra tableten bidezko edizio digitalek eskainiko dioten aukera dela.
Pew Foundation-en ikerlan bat aipatuz Varianek esan zuen tabletak direla goizetan eta arratsaldetan albisteak irakurtzeko hobesten diren tresnak, irakurleek albisteak irakurtzen denbora gehiena ematen duten garaietan, eta ordenagailuak eta telefonoak baino gehiago erabiltzen direla tabletak horretarako. Esan zuen, halaber, iragarkietatik sortzen diren diru-sarrerak albisteak irakurtzen ematen den denboraren araberakoak direla, eta, beraz, tabletak ugaritzeak sareko periodikoen industriari bultzada berri bat emango diola, 40 urtean lehenbiziko aldiz.

Zenbat eta denbora gehiago eman irakurleek sarean irakurtzen orduan eta diru-sarrera handiagoak eragiten ditu publizitateak. Horregatik sarean argitaratzen duen periodiko batek bi gauza lortu behar ditu: erabiltzaileen interesa erakartzea, egunean zehar albiste interesgarriak eta freskoak eskainiz, eta irakurleak animatzea, gero, denbora dutenean, analisi sakonagoak irakurtzera. Goiburukoak, kiroletako emaitzak, albiste laburrak, burtsako datuak, eta abar irakurtzera animatuz azkenean irakurle fidelak lortuko dituzte periodikoek, baldin eta gero analisi sakonago horiek eskuratzeko aukera ematen badiete.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?