Argitaletxeek beren irakurleak ezagutu behar dituzte aro digitalean irauteko

Iturria: livemint

Argitaletxeek beren irakurleak ezagutu behar dituzte eta saiatu behar dute jakiten haiek zer nahi duten, Interneteko saltoki handiek merkatuan eragin duten iraultzari erantzun ahal izateko.

Duela urte gutxi arte, argitaletxeek eragin handia zuten irakurleen aukeretan, liburu-dendetan egiten zituzten sustapen-ekintzen eta prentsako erreseinen bidez. Orain, ordea, gero eta gehiago, irakurleek Interneten erosten dituzte liburuak edo irakurgailu elektronikoetara jaisten dituzte, beren iruzkinak egiten dituzte eta besteen iritziak jasotzen dituzte sare sozialen bitartez. 


Digitaleranzko aldaketa dela eta, argitaletxeak edukiak eta istorioak tratatzeko guztiz bestelako era baten aurrean aurkitzen dira. Amazonek eta Applek beren bezeroen irakurtzeko erari eta beste ohitura batzuei buruzko datu-multzo izugarri handiak dituzte, merkatua menperatzea ahalbidetzen dietenak eta argitaletxe tradizionalak, berriz, beren irakurleengana mezuak iritsarazi ezinda dabiltza.

Datuen analisia beharrezkoa bihurtu zaie argitaletxeei, aro digitalari aurre egiteko. Musikaren, telebistaren eta zinemaren industriek badituzte baliabide informatikoak kontsumitzaileen ohiturak eta hobespenak ezagutu eta horien arabera edukiak moldatzeko. 

AEBetan, paperezko liburuen eta ebooken %39 Internet bidez erosi zituzten 2011n eta %44 2012an. Erresuma Batuan ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Amazonek liburu-denda birtual bat ez ezik argitaletxeek eskaini izan dituzten zerbitzu asko eskaintzen ditu, hala nola itzultzea eta marketina, eta idazleei autoediziorako erraztasunak ematen dizkie. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?