Collins argitaletxeak erabiltzaileek iradokitako hitzak sartuko ditu hiztegian

Collins-ek, 1819tik hiztegiak argitaratzen diharduen argitaletxeak, erabiltzaileek iradokitako hitzak sartuko ditu hiztegiaren hurrengo edizioan. Hitz berriak hiztegian sartzea, orain arte itxia izan den prozesua, ireki egingo dute ingelesez hitz egiten duen edonorentzat. 


Edonork proposa ditzake hiztegian sartzekoak liratekeela uste duen hitzak, Collinsen webgunearen bitartez. Proposamen horietako batzuk hiztegian sartuko dituzte, erabilera-maiztasuna, iturri-kopurua,iraupena eta beste irizpide batzuk kontuan izanda. 


Horretarako datuak 4.500 milioi testu-hitzeko Collins Corpusak eskainiko dizkie. Corpus horrek hainbat iturritatik jasotzen ditu hitzak, hala nola egunkarietatik, irratietatik eta hedabide sozialetatik. Collins-ek dagoeneko identifikatuak ditu hiztegiko sarrera izateko hautagaiak liratekeen hitz batzuk, adibidez: creeping, cray, legbomb, yolo, mantyhose, superphone, sweatworking, Tebowing, tweeps eta twitlit.

Collins-en editoreek erabiltzaileen iradokizunei bizpahiru asteren buruan erantzungo diete. Hasiera batean onartzen ez dituzten hitzak behatzen jarraituko dute beste urtebetez, ikusteko ea merezi duen hiztegian sartzea. Hitzaren jatorriaz, erabilera-adibidez eta bestelako informazioz hornituak iristen zaizkien hitzek aukera handiagoa izango dute hiztegira iristeko.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?