Deloitte-ren txosten batek dio 5 urtean denda fisikoen % 40 itxi litezkeela Erresuma Batuan

Iturria: The Guardian


Erresuma Batuko kale komertzialetan laster kafetegiak eta Interneteko kioskoak izango dira nagusi, Deloitte-ren txosten batek dioenez. Hamar dendatik lauk ateak itxi beharko omen dituzte bost urtean, kontsumitzaileek denda tradizionaletara joateari utzi eta sarean erosketak egiten ohitu ahala. 


Lehiakorrak izaten jarraitzeko, dendariek % 30 - 40 murriztu beharko dituzte beren ondasun higiezinak datozen bost urteetan, eta mantentzen dutena kontsumitzaileen eskakizun berrietara egokitu, Deloittek dioenez. AEBn, dagoeneko, saltoki handiek gero eta joera handiagoa dute dohanikako Wi-fi-a eskaintzeko, kontsumitzaileei sarean erosten laguntzeko, eta joera hori munduan zehar zabalduko dela espero da. Erresuma Batuko Tescok iragarria du bere saltokietan hori bera egiteko asmoa.


"Erresuma Batuko dendari gehienek denda gehiegi dituzte" esan zuen txostenaren egilea izan den eta  Deloitten dendei aholku emateko zerbitzuaren zuzendari den Silvia Rindonek. Denden azalera orotara jaitsi egin da azken urteotan, zioen, eta joera horrek jarraituko du, kontsumitzaileek gero eta gehiago sarean erosten baitute. 2015erako txikizkako erosketen % 14 Internet bidez egingo dira. Erosleen % 22k ez zuen erosi azkeneko arropa edo osagarria denda batean, eta kontsumitzaileen % 9k bakarrik ikusi nahi du dendako aukera guztia dendetan.


David Cameron hain zegoen kezkatua kale komertzialen gainbeheraz non txosten bat eskatu baitzion txikizkako salmenten arloko Mary Portas adituari, eta honek 28 neurri aholkatu zituen, zona komertzialak kudeatzeko, baina hobekuntzak egiteko ahaleginek zailtasun handiekin egiten dute topo. Errenta altuak arazo dira, esate baterako.


Badirudi hazkunde handiak izaten ziren eta hipermerkatuak irekitzen ziren garaiak joan zirela.


Musika eta filmak saltzen zituzten dendek sufritu dute gehiena, CDen eta DVDen erdiak orain sarean saltzen baitira, eta hortik aparte deskargak daude, noski. 


Saltzaile batzuek teknologian oinarritzeko apustua egin dute. Adibidez, Burberryk ikusentzunezkoz josi du Londresko denda. Pantaila erraldoiak eta iPadak ageri dira nonahi. Ocadok eta Tescok telefono aurreratuetarako aplikazioak garatu dituzte, bezeroei eguneroko erosketa arruntak egitea ahalbidetzen dietenak, nonahi dabiltzala ere. Saltoki handiak Internetetik eskaerak egin eta saltokian produktuak jasotzeko aukera ari zaie eskaintzen kontsumitzaileei. "Click and collect" deitzen diote formula horri. Saltoki txikiago batzuetan Interneko kioskoak ari dira jartzen, bezeroek etxean jasotzeko eskariak egin ahal izan ditzaten. Hego Korean, Tescok denda birtual bat sortu du metroan, kontsumitzaileek horma birtual batetik eskaerak egiteko.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?