Erresuma Batuko idazleak haserre gobernuak hezkuntzan fotokopiak erabiltzeko jarri nahi dituen arauengatik

Ehunka idazle elkartu dira, Erresuma Batuko gobernuak copyright-lizentziak hezkuntzan erabiltzeko jarri nahi dituen arauen kontra. Haiek diote arau horiek izugarri murriztuko dituztela idazleen irabaziak.


Erresuma Batuan, ikastetxeek baimena dute ehunka mila argitalpen eta ikusentzunezko edukien milaka ordu kopiatzeko eta berrerabiltzeko, urtean 2,75 £ ikasleko ordainduta, Copyright Licensing Agency (CLA), eta Educational Recording Agency (ERA) erakundeek jarritako lizentziak emateko sistema baten barruan. 


Egileek Author Licensing and Collecting Society (ALCS) baltzuaren bitartez jasotzen dituzte eskubideei dagozkien ordainketak. 2011n, 18.500 egile britainiarrek, gutxi gorabehera, jaso zituzten ordainketak sistema horren bidez, eta jaso zuten kopurua orotara 7 milioi £-koa izan zen.


Sistema hori mehatxupean dago, Erresuma Batuko gobernuak irabazi horiek murrizteko asmoa duelako, hezkuntza arloan autore-eskubideek dituzten salbuespenak areagotuz, Europar Batasunaren legeek ahalbidetzen duten neurrian. Ikastetxeek obra gehiago fotokopiatu ahal izango dituzte, egileei proportzioan ordaindu beharrik gabe.


Egileek diote horrek asko murriztuko dituela beren irabaziak, ez bakarrik testuliburuen egileenak, baita eskolan ikasteko tresna gisa erabiltzen diren obren egileenak ere.


Idazle asko ALCSrekin harremanetan jarri dira, neurri horren aurrean beren kexa agertzeko.


Erresuma Batuan copyright sistemaren aldaketa egiteko behin betiko proposamena martxoan eztabaidatuko dute herrialde hartako Legebiltzarrean.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?