Elkarrizketa David “Skip” Prichard, Ingram Content Group-en presidente eta zuzendari nagusiarekin

Iturria: Education News



Ingram Content Group AEBko enpresa bat da, argitalpen-industriari zerbitzuak eskaintzen dizkiona. Liburu-dendak, liburutegiak, eskolak, etab. dira haren bezeroak. 
Bezero horiek fitxategi digital batean bidaltzen diote edukia eta Ingram-ek zabalkundea ematen dio, inprimaturik eta hainbat formatu digitaletan. Guztira 7,5 milioi tituluko inbentarioa dute. 
Hona hemen David “Skip” Prichard Ingram Content Group-en presidente eta zuzendari nagusiari egindako elkarrizketa:
Nolakoa uste duzu izango dela liburuaren hazkundea datozen  bost-hamar urtetan?
Baikortasunez ikusten dut liburuaren hazkundea etorkizunean. Lehenik eta behin, demografia alde dugu. Baby-boom-eko belaunaldia [AEBz ari da] adinean aurrera doa eta horrek irakurketa elikatu beharko luke.  Ingelesezko liburuen eskariaren joera ere positiboa da, epe luzera begira.  Bigarrena,  liburuaren eskaria areagotzen ari da teknologia, bai tresna elektronikoetan eta baita Internet bidezko liburu-erosketei dagokienez.  Liburu hobetuak haurtzaroan daude oraindik eta egileei aukera ematen diete hainbat bukaera edo elkarrizketak gehitzeko.  Aurrerago, auskalo zer egin ahal izango den. Agian tresna biometrikoak izango ditugu, zure pultsua eta gorputzaren tenperatura atzemango dituztenak, eta zure aldartearen arabera argumentua aldatuko dutenak — eta iruditzen zaizu Stephen King beldurrezkoa dela orain.  Hirugarrena, liburuaren definizioa bera aldatzen ari da.  Liburuetako informazioa laster ari da beste eduki batzuekin estekatua bihurtzen, hainbat formatutan, artikulutan, ikerketan eta beste medio batzuetan. Liburuak informazio-panorama zabalagoaren parte bihurtzen diren heinean, bai esanguratsuago eta baita garrantzitsuago ere bihurtzen dira. 
Ba al dira eguberri hauetan liburuaren definizioa dagoeneko aldatu duten liburu hobetuak?
Bai, adibidez, biografia bat birplantea daiteke hainbat modutan.  Jacqueline Kennedy: Historic Conversations on Life with John F. Kennedy liburuak elkarrizketaren audio, bideo, argazki eta transkripzio guztiak eskaintzen ditu. Baita klasikoek ere — Penguin-ek Pride & Prejudice filmeko kilpez eta are dantzarako argibidez hornitu du. The Hobbit-en 75. urteurrenean, HarperCollins-ek bertsio digital bat atera du, besteak beste J.R.R Tolkien-en liburuko irudiekin eta orain dela gutxi aurkitu dituzten Tolkien-en grabazioekin. Argitaletxeak oraindik ikasten ari dira zer balio erantsirengatik ordainduko duten ala ez duten ordainduko irakurleek. Espero dut jarraituko dugula hainbat esperimentu ikusten arlo horretan.
Horrek esan nahi du egileek bestelako trebetasun batzuk beharko dituztela liburuak sortzeko?
Bai, argi eta garbi, beste trebetasun berri batzuen eskea dago. Argitalpen-mundua tipo sortzailez beteta dago, baita eskuragarri bihurtzen ari diren tresna berrietan trebeak diren talentuz ere.  Erronka ez dago hainbeste talentuan baizik eta negozio-eredu egokia bilatu beharrean.  Adibidez, ez duzu sortu nahi liburu bat oso ona dena, baina garestiegia dena, batez besteko irakurlearentzat.  Egin daitekeenak ez du mugarik, baina kontsumitzaileek ordainduko dutenak badu muga bat.
Nola uste duzu aldatuko dela liburuen jokalekua datozen bost-hamar urtetan?
Azken urteotan, Internet bidezko txikizkako salmenta, ebookaren sorrera eta eskuragarri dagoen titulu-kopuruaren eztanda hiru joera indartsu izan dira.  Horiek denbora batez jarraituko dute.  Horrek ez du esan nahi liburu-denda guztiak itxiko direnik.  Eta horrek ez du esan nahi paperezko liburua hilda dagoenik.  Horrek esan nahi du liburu-denda tradizionalek sortzaile izaten jarraitu beharko dutela — izakinak aldatu, ekitaldi gehiago egin eta bertako esperientzia bikaina izan dadin eragin.  Tirada handiak gutxitu egingo dira, ebooken salmentak handitu ahala.  Gaur egun, liburu inprimatu asko print-on-demand teknologiaren bidez sortzen dira eta dendetara, liburutegietara edo etxera inprimatu ondoko biharamunean iristen dira.  Azkenik, autoreak merkatuetara zuzenean iristeko bide berriak bilatzen ari dira.  Mehatxaturiko eragile horiek guztiak ez dira gai aldaketetan aitzindari izateko.  Zorionez, argitaletxe asko aurretik doaz eta dagoeneko aurrea hartzen ari zaie hurrengo hazkunde-faseari.  Liburuaren etorkizuna imajinatzearen oso hasieran gaude.
Zein izango da eragina denda fisikoetan?  Zer aholku dituzu denda fisiko horientzat?
Denda fisikoak birdefinitzen ari dira etorkizunean izango duten zeregina, beren dendetako esperientzia Internetekotik desberdintzeko bide bereziak eta erakargarriak bilatuz.  Inprimatuak eta digitalak oreka bilatuko duten bezalaxe, Interneteko eta denda fisikoetako salmentek ere beste hainbeste egingo dute.  Hauxe da nire aholkua: “Bila ezazue zuen nitxoa, zuen balio-proposamen berezia eta zentra zaitezte zuen bezeroekiko harremanaren esperientzian.”  Aurrera begira denda fisikoen erronkak ez dira liburu-dendenak bakarrik.  Ia denda fisiko guztiak dituzte erronka horiek berak.
Zein izango da eragina argitaletxeetan eta zer abagune emango dizkie egileei bere kasa argitaratzeko?
Argitaletxeak aldaketak egiten eta etorkizunerako eredu berriak garatzen ari dira. Irudimen handiko argitaletxeak irakurleengana iristeko bide berrietara egokitu ahala, atzoko argitaletxeak bazterturik geratzen ari dira.  Edukiak sortzeak gaur egun liburuak duen definizioa gaindituko du.  Liburuek azken urteotan izan duten hazkunde izugarriarekin, argitaletxeen edukiak hautazeko, editatzeko eta sustatzeko zeregina inoiz baino baliotsuagoa da.  Eta argitaratua izateak ematen duen ospeak berbera izaten jarraitzen du egile guztientzat eta egile izan daitezkeenentzat.
Badira, gainera, inoiz baino aukera gehiago bere kasa argitaratu nahi duten egileentzat, argitaratzeko eragozpenak inoiz baino errazago gaindi daitezkeelako.  Autoreek bere kasa argitara emandako tituluak ugaritzen ari dira, bai inprimatuan eta baita formatu digitaletan ere.  Ikusi ditugu bere kasa argitaratu duten autore batzuk salduenen zerrendetan sartzen.  Interesgarria da, ordea, egile horietxek azkenean irabazpidea emango dieten kontratuak onartzen dituztela proposatzen zaizkienean.
Nola babes dezake liburuaren industriak bere burua pirateriatik?
Pirateria ez da arazo berria. Izan ere, pirateaturiko kopia gehienak fotokopiatzen eta banatzen diren liburu inprimatuenak dira eta ez liburu digitalenak. Gogoan izan liburuak entretenitzeko beste formetatik zerk bereizten dituen: liburuak erosi ezin edo nahi ez dituztenek beti izan dituzte doan liburutegietan. Kontua da liburuak esperientzia erakargarria ez ezik modu onekoa eta lortzen erraza ere izan behar duela. Erraztu egin behar diegu kontsumitzaileei liburuak legalki aurkitzea eta erostea, eta horrek esan nahi du argitaletxeok eduki digitala kontsumitzaileek irakurri nahi dituzten formatuetan paketatu eta partekatu behar ditugula,  arrazoiz kanpoko mugarik gabe.
Zergatik izan behar luke liburu batek eguberri hauetan opari hobetsia eta zein dira zure gomendioak?
Liburuek hezi, informatu eta inspiratu egiten dute. Jakin-mina lantzen dute, irudimena elikatzen dute eta harritzeko gaitasuna sustatzen dute. Liburuak paregabeak dira solasa pizteko. Gainera, liburuek ematen jarraitzen diote, jasotzen diren eguna baino haratago, lehenbizi jasotzen duenari edo beste norbaiti. 
Nola ari da aldatzen Ingram bere kultura, aro digitalean sartzeko?
Aitzindari izan gara hainbat teknologia erabiltzen.  Gure eskatu ahalako inprimaketako negozioa, Lightning Source, duela hamabost urte sortu genuen. Liburu gehiago digitalean egiten diren neurrian, argitaletxeek tiradak txikiagotu egin beharko dituzte.  Gai gara liburu bat eskatu ahala ordu batzuetan inprimatu eta biharamunean entregatzeko.  Iaz Frantziara zabaldu ginen.  Aurten Australiara zabaldu gara. 
Ingram lehenengoetakoa izan zen digitalean inbertitzen.  Digitalean esperientzia izan dugu zenbait urtez eta zerbitzu horiek zabaldu ditugu, argitaletxeentzako CoreSource plataforma digitala barne. Tresna digitaletarako iturri guztiei bidal diezaiekegu ebook bat eta horrela argitaletxe batek ez du arduratu behar fitxategiak bihurtzeko logistikaz, liburuaren datu bibliografikoez eta kontsumitzaileen kanalak hornitzeko segurtasunaz.
Ingram-ek testuliburu elektronikoen VitalSource plataforma ere erosi zuen, lasterren hazten ari den gure negozioa.  Orain bi milioi ikaslek erabiltzen dute gure plataforma mundu osoan.  Eraldatzen ari da ikasleek ikasmaterialarekin duten harremana.  Testuliburuek bizia hartzen dute bideoa, audioa eta testua erabiliz eta oharrak partekatzea ahalbidetzen die ikasleei.  Teknologia du argitaletxeari esaten diona: “inor ez da irakurtzen ari 8. kapitulua.”  Edo, “Jendeari hiru kapitulu horiek gustatzen zaizkio gehiena, beraz zabaldu egin beharko zenituzkete.”   Ikasleei hobeto ikasten laguntzen die, ondoen ikasten dute eran materialarekin harremanetan jarriz. 
Espazio digitala arretaz behatzen ari gara.  Partaide ekintzailea gara eraldaketa horren atzean. Horretan hasi gara eta jarraituko dugu horretan.  Ingram argitaletxearen eta liburutegi nahiz liburu-denden arteko ardatz gisa jartzen da. merkatuan gertatzen ari denaren ikuspegi zabala dugu.


Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?