Zer ari dira egiten argitaletxe handiak aplikazioen arloan?

 Hemen aplikazioak esaten dugunean, sakelako telefono aurreratuetan eta tabletetan erabiltzen direnak adierazi nahi ditugu.

Apple izan zen lehena, iPhonerako aplikazioak saltzeko denda sarean ireki zuena. Handik laster, sakelako telefonoetarako sistema eragileen beste ekoizle batzuek beren aplikazio-dendak zabaldu zituzten. Gaur egun, hor ditugu  Appleren App Store, Googleren Android Market, Amazonen  Androiderako Appstore, eta RIMen BlackBerry App World.
Barnes & Noblek Android aplikazio bereziak saltzen ditu bere NOOK Color eReader tabletetarako, bere denda birtualean. Samsung-ek, berriz, definizio handiko bere telebistetarako aplikazioak garatu ditu eta Microsoftek Windows Phone 7 Market jarri du.

Argitaletxe handiak ere ari dira murgiltzen mundu berri horretan. Hona hemen adibide batzuk:


Hainbat gaitako liburuak argitaratzen ditu editorial honek:  arkitektura, artea, kultura, interiorismoa, sukaldaritza, haurrentzako liburuak, lorezaintza, pop kultura, fikzioa, janariak, bidaiak eta argazkigintza.

Une honetan apustu handia egiten ari da aplikazioen alde. Lantzen ari den lehen arloa janari eta edariei buruzko liburuena da eta laster aterako ditu haurrentzako edukien aplikazioak, Nookcolor irakurgailurako. Aurten bertan azaroan eta abenduan bost aplikazio plazaratuko ditu, janarien eta edarien ingurukoak, bideoekin eta beste gehigarri batzuekin. Aplikazioen batez besteko prezioa 4,99 dolarrekoa izango da.

Hachette Book Group

Hachette Book Group-en jabea Hachette Livre da, Frantziako argitalpen-enpresarik handiena eta munduan bigarrena.

Hachettek 10-15 aplikazio eginak ditu eta ekoizpen mota hori bizkortzeko asmotan dabil. Etxe barruan sortzen dituzte aplikazio gehienak, baina kanpoko beste batzuekin ere ari dira lankidetzan. Ansel Adams (1902-1984) argazkilari ospetsuaren edukiekin aplikazio bat atertzekoak dira.

HarperCollins

HarperCollins taldeak 30 argitaletxe baino gehiago ditu, gehienak AEBetan eta batzuk Erresuma Batuan, Kanadan eta Australian. Talde honek aplikazio asko garatu ditu. Horretarako, egileak, etxe barruko editoreak eta kanpoko adituak jartzen ditu lankidetzan. Informazio-edukietan eta haurrentzako liburuetan zentraturik ari dira aplikazioak sortzen. Badute sukaldaritzako aplikazio bat, zenbait sukaldaritza-liburutako gaietan oinarrituriko multimedia-edukietan oinarritua.

Hyperion

Walt Disney taldeko argitaletxe bat da hau. Bi aplikazio garatu ditu orain arte: bata Nigella Lawson, sukaldaritza-gaietan espezializaturiko kazetari britainiarraren lanetan oinarritua, eta bestea Eoin Colfer eleberrigile irlandarraren And Another Thing... lanean oinarritua. Hala ere, argitaletxe honek gehiago jo du e-book aberastuak lantzeari, aplikazioak garatzeari baino.

Lonely Planet

Bidai giden argitaletxerik handiena dugu hau. dagoeneko 115 aplikazio garatuak ditu, iPhonerako eta iPaderako hiri-giden eta solasaldi-giden arlokoak, 41 Android Market-en salgai, 35 aplikazio Nokia telefonoetarako eta sustapen-aplikazio bat, dohainikakoa, Windows 7 sistema eragilea erabiltzen duten telefonoetarako. IPhonerako aplikazioak 5,99 dolarretan dituzte salgai, iPaderakoak 3,99 dolarretan eta Android eta Nokia aplikazioak 4,99 dolarretan.

Etxe barruan garatzen dituzte aplikazio gehienak.

Penguin USA
 
Argitaletxe honek 12,99 dolarretan kaleratu zuen Ken Folleten The Pillars of the Earth eleberrian oinarrituriko aplikazioak sekulako arrakasta izan du. Liburu hobetuak egiten dituzte, bideoa, audioa eta estekak gehituz.

Penguinek 10 aplikazio ditu salgai, hasi Angelology nobelatik (14,99 dolarretan) eta Mad Libs (3,99 dolarretan) hizkuntza-jokoetara bitartekoak.

Perseus

Dozena bat argitaletxek osatzen dute taldea. Lehenbizi aplikazio bat egin zuten probatarako, Cathy trilogiaren lehen liburukian oinarriturikoa, eta orain beste bi liburukiei dagozkienak garatzen ari dira. Hala ere, gehiago ari dira saiatzen e-book hobetuekin aplikazioekin baino. Uste dute aplikazioak produktu beregainak baino areago liburuen osagarriak izango direla.
Random House

Bertellsman taldeko argitaletxe generalista bat da. Dozenaka aplikazio eginak ditu dagoeneko. Haurrentzako edukietan, modakoetan, bidaietakoetan, kontsultarakoetan saiatu dira gehiena.

Simon & Schuster
Talde hau ingelesezko lau argitaletxe handienetako bat da, Random House, Penguin eta Harper Collinsekin batera.  Taldeko 35 argitaletxeen artean bi mila titulu baino gehiago argitaratzen dituzte urtero.

Aplikazioak liburuen osagarriak izan behar dutela uste dute. Horregatik, haien aplikazioek liburuen laburpenak edo liburuetaranzko estekak dauzkate. Argitaratu zuten lehen aplikazioa hitz gurutzatuena izan zen. Geroztik 30 aplikazio inguru atera dituzte, autore baten zaleentzakoak, hiztegiak, sukaldaritzako gaiak eta jokoak. Interfaceak bertan lantzen dituzte, baina programazioa kanpoan egiten dute. Badituzte dohainikako aplikazioak eta badituzte The Klingon Dictionary bezalakoak 11,99 dolarretan saltzen dituztenak.


Sourcebooks

50 aplikaziotik gora ari izan dira lantzen eta dozena bat kaleratu dituzte, hasi dohainik eskaintzen dituztenetatik eta 9,99 dolarretan saltzen dituzten garestienetarainokoak. Hauek ere, programazioa salbu, etxe barruan lantzen dituzte aplikazioak.

Diotenez aplikazio baten garapen-kostua 3.000 eta 10.000 dolar artekoa izaten da. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?