Liburu baten marketin-kanpaina eraginkorra

Hemen aurkezten dudan esperientzia sare sozialak, emendiozko eduki digitalak eta sare bidezko lankidetzak baliatuz, arrakasta izan duen marketin-kanpaina bat da.
Jacqui Small Erresuma Batuko argitaletxe bat da. Liburu irudidun ederrak argitaratzen ditu, interiorismo, sukaldaritza, lorezaintza eta beste jarduera batzuei buruzkoak.


Argitaletxe horrek, 2011ko otsailean, Mich Turner’s Cake Masterclass titulua argitaratu zuen. Liburuaren egilea, Mich Turner andrea, ospakizunetarako tartak saltzen dituen Little Venice Cake Company enpresaren jabea da. 

Liburuak urratsez urrats jarrai daitezkeen argibideak ematen ditu, pastelak egiteko eta apaintzeko. Liburu bikaina da benetan, baina, beste edozein tituluk bezala, sustapen egokia behar zuen, irakurleen eskuetara iritsiko bazen.

Horretarako, lehenik eta behin, liburuaren gaian interesa izan zezakeen sare sozial bat identifikatu zuten: bakingmad.com hain zuzen. Horri esker, 100.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena hilero buletinak jasotzeko, lehiaketetan parte hartzeko eta eskaintzak jasotzeko. 

Jarduera-programa bat landu zuten, Erresuma Batuko pastel-apaintzaile onena aukeratzeko lehiaketa baten inguruan. Parte-hartzaileek beren pastel apainduen argazkiak igo zituzten eta Michek irabazlea aukeratu zuen. 

Michek bere gozogintza-eskolan ematen dituen ikastaroetarako plaza batek eta han emango zizkioten opariek osatzen zuten saria. Lehiaketaren gorabeherak buletinaren,Twitter-en eta Facebook-en bidez zabaldu zituzten eta irabazleak bakingmad.com webgunean argitaratu zen artikulu batean agertu ziren.

Gainera, mezu pertsonalizatu bana bidali zieten Little Venice Cake Companyren datu-basean erregistraturiko bezeroei eta orri inprimatuak sartu zituzten postaz edo mezulariz, bezeroen eskariei erantzunez, bidali zituzten pastel-pakete guztietan. Michek bere Facebook-eko orrian lehiaketan parte hartzera gonbidatzen zituen bere adiskide eta jarraitzaileak.  

Bideo bat egin zuten, non Michek liburuan agertzen den pastelak apaintzeko teknika erraz bat aurkezten baitzuen eta bakingmad.com-en, goodtoknow.co.uk-en, Youtuben eta beste webgune batzuetan ikusgai jarri zuten. The Book Depository liburu-denda birtualak bere buletinean txertatu zuen bideoa eta 3 bat milioi bezerori bidali zien. 

Hori da lana ondo egitea!

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?