Liburu digitalen etorkizuna Price Waterhouse Coopers-en arabera

Price Waterhouse Coopers aholkularitza-enpresak Turning the Page. The Future of eBooks liburua eskuragarri jarri du bere webgunean. Liburu horren laburpena dakargu hona euskaraz, irakurleari liburuan murgiltzeko interesa piztuko diolakoan.

Badirudi argitalpen digitala masa kritikoa lortzen ari dela. Kontsumitzaile gehienek badakite gutxi gorabehera zer diren liburu digitalak eta irakurgailu elektronikoak, medioek egiten dieten lekuari esker, eta baita aurtengo liburu-azoka nagusiei buruz urtean zehar eman duten informazioari esker ere. Apple-ren iPad berriak, irakurgailu elektroniko gisa erabil daitekeenak ere merkatuari arreta gehiago jarrarazten dio teknologia digitalean.

Alabaina, kontsumitzaileei galdetzen zaienean zer dakiten liburu digitalez eta irakurgailu elektronikoez, begien bistakoa da jende askori falta zaiola ikuspegi zabala.
Kontsumitzaileek, dirudienez, liburu digitalekiko eta irakurgailu elektronikoekiko jarrera irekia duten arren, oraindik ez dituzte ondo ulertzen argitalpen digitalen atzean dauden kontzeptu zabalagoak eta ez dituzte ulertzen paperezko liburuak irakurtzearen aldean liburu digitalak irakurtzeak dituen abantailak. Hori bereziki egia da Europan.

Badirudi liburu digitalekiko eta irakurgailu elektronikoekiko jarrerak desberdinak direla Atlantikoaren bi ertzetan. AEBetan, ematen du argitaletxeek jarrera irekia dutela liburu digitalekiko, oro har hauek paperezkoek baino kostu txikiagoak eta marjina altuagoak eskaintzen dizkietelako. Liburu digitalak argitaratzen dituen argitaletxe batek ez du paperezko liburuen kanal tradizionalek dituzten itzulketa-kostuak.
Europan, badirudi argitaletxeek argitalpen digitalak atzerapausotzat hartzeko joera dutela – ezinbesteko deabru bat, nolabait esateko – arrisku gehiago dakartzana abaguneak baino. Horregatik, baliteke Europako argitaletxeek amerikarrek baino interes gutxiago izateabliburu digitalen merkatua aktiboki garatzeko. Europako argitaletxeek, seguru asko, zalantza gehiago agertuko dituzte industrian eraldaketa digitala egiteari buruz, eta astiroago dihardute, kostu handien eta paperezko liburuen salmentak galduko dituzten beldurrez.

Haatik, argitalpen industria digitaleranzko ibilia aurreranzkoa baizik ez daiteke izan. Hori nabariagoa da AEBetan gertatzen ari diren garapenen kasuan, han ebookak merkatu osoaren %3 osatu baitzuten 2009aren bukaeran, eta 2010ean % 7raino iritsiko zirela uste da. Eta hori hasiera besterik ez da: sareko dendak integratuak dituzten irakurgailuetan egiten ari diren hobekuntzek, liburu digitalen aukera zabalak eta sareko dendek, hala nola Amazonek erabiltzen duten prezio-politika ausartak bultzaturik, ebookek sortzen dituzten diru-sarrerak handituz doaz. Merkatua oraindik gehiago bizkortzen dute Apple-ren iPaden tankerako tresna multifuntzionalek, eta hark dagoeneko erakutsi du irabaziak ematen dizkiela argitaletxeei, hauek hasieran eginiko inbertsioak amortizatzen ari baitira, ebookek dituzten marjina handiagoei esker.
Zalantzarik gabe, AEBetan ebooken eta irakurgailuen onarpena akuilatu zuten joera berberak antzeko eragina izaten ari dira beste herrialde batzuetan ere, hau da:

Irakurgailuen garapen teknikoak eta sofistikazioak paperezko liburu baten irakurketaren pareko esperientzia eskaintzen dute.
Internet gero eta gehiago sartzen ari da bizitzaren arlo guztietan, eta hori asko ari da aldarazten irakurtzeko moduak eta irakurleen portaerak.
Kontsumitzaileek gero eta jarrera irekiagoa dute teknologiaren joera berriekiko, bereziki telefono aurreratuen eta MP3 entzungailuen eta antzeko tresna mugikor erakargarrien eskuragarritasunak eraginda.

Argitaletxeek, eduki-jabeek eta dendariek bizkor jokatu behar lukete ebooken eta irakurgailuen merkatuan aitzin postuak hartzeko eta lekurik ez uzteko industriara etorri berriak direnei. Argitaletxeek, liburu-dendek eta tresnen fabrikatzaileek merkatua oraintxe produktu berritzailez hornitzeko abagunea aprobetxatu behar lukete, beste batzuek gauza bera egin baino lehen. Eta egileek banaketa digitalerako abaguneak aztertu behar lituzkete eta argitaletxeei lagundu, edukiak argitaratzeko egiten dituzten ahaleginetan.
Europan jaiotzen ari den ebooken merkatuko argitaletxeek aktiboki eta ausarki digitalizatu eta merkaturatu behar lituzkete beren liburu digitalak, nahiz eta ebookek sortzen dituzten diru-sarrerek kostuak ez estali epe laburrean.
Inbertsio horiek beharrezkoak dira merkatua finkatzeko, eta fitxategiak partekatzeko webguneetan eskuragarri dauden material pirateatuen legezko alternatiba eskaintzeko. Argitaletxeek bezeroak erakarriko dituen baina edukiaren balioari azpia jango ez dion prezio-estrategia bat ere diseinatu behar lukete. Ongi pentsaturiko prezio-estrategia batek lagundu diezaieke, halaber, argitaletxeei eta eduki-jabeei bezero berriak lortzen –liburu tradizional bat erosiko ez luketenak baina gutxiago kostatzen den, emendiozko ezaugarriak eskaintzen dituen eta dagoeneko baduten tresna digital batean erabil daitekeen ebook bat erosteko joera izan lezaketenak.

Ebookak paperezko liburuak baino merkeago eskaintzeko estrategia bide onetik abiatzeko urrats bat da. Merkatu masibo bat finkatu orduko, inbertsioek merezi zutela frogatuko da, ebookek irabazpide erakargarria ere eskaintzen dutelako. Etorkizunean, argitaletxeek beren buruak eduki-hornitzaile moduan posizionatu beharko dituzte beren buruak eta ez liburu fisikoen hornitzaile moduan soilik.
Hainbat medio, formatu eta plataformatan eskuratu ahal izango den edukia egin beharko dute. Eduki horrek ez du liburu baten testu hutsa zertan izan – eduki lezake orobat audioa, bideoa eta jokoak. Emendiozko eduki horrek diru-sarrera gehigarriak ekar ditzake.
Merkatuan parte hartzen dutenek birpentsatu egin beharko dute beren estrategia, eta egokitu balio-katean gertatzen diren aldaketetara. Liburu-denda tradizionalek zabaltzen ari den eduki digitalen merkatutik kanpo geratzeko arriskua dute. Inoiz baino gehiago, liburu-denda tradizionalak areagotu egin beharko ditu bere indarguneak, hala nola: bezeroak ezagutzea, bezeroak fidelizatzea eta profesionaltasuna. Eta liburuen edukia formatu eta kanal guztietan banatu beharko du.
AEBetako enpresek arrakasta izan dute erabiltzaileari erabilerrazak gertatzen zaizkion tresnak, sakelako telefonoen sareen edo wifi konexioen bidez, sareko dendetaranzko esteka integratuak dituztenak, berehala, eroso eta modu onean eskuratzeko aukera ematen dutenak eskaintzean. Tresnen fabrikatzaileek orain garapen hori mundu osora hedatzeko erronka dute. Fabrikatzaileek ez dute zertan balio-kate osoa bertikalki integratu horretarako. Argitaletxeekin eta sareko liburu-dendekin jardutea dute egokiena.
Sareko liburu-dendek dirudite hobekien kokatuak eraldaketa digitalerako, dituzten bezeroen datu-baseei eta Interneteko salmentan duten eskarmentuari esker. Alabaina, Europan egoitza duten sareko liburu-dendek aurre egin beharko diote beste jokalari batzuen erronkari, horiek bezeroei produktu-aukera zabalagoa edo esperientzia erakargarriagoa eskain baitezaiekete, erreseinen eta sare sozialen integrazioaren bidez.
Amazon dagoeneko posizionatu da sareko denda bezala Europan eta Kindlea saltzen hasia da Europako zenbait merkatutan. Apple-ren iBookstoren ingelesezkoak ez diren liburu asko ez badaude ere, liburu-dendek ez lukete gutxietsi behar enpresa hori sareko liburu-denda den aldetik, ikusi besterik ez baitago Itunes dendak izan duen hazkundea.
Liburuaren industrian diharduen edozein enpresarentzat, garapen horiek erronkak dira, baina baita kilikagarriak ere. Lehenbizikoz, kontsumitzaileek eros ditzakete irakurgailu erabilerrazak nahiko modu onean. AEBetako kontsumitzaileek dagoeneko Interneteko konexioa duten irakurgailuak dituzte, liburuak zuzenean beren tresnetatik edo webgune baten bitartez erosteko eta minutu bat geroago irakurtzen aritzeko aukera ematen dietenak. Tresna horietako batzuk eskuragarri daude Europan, eta gehiago daude iristear. Ipad-ak eta beste tableta batzuek liburuetan koloretako irudiak, bideoak eta musika txertatzeko aukera ematen diete argitaletxeei eta egileei. Gaur egungo irakurgailu gehienak zuri-beltzekoak badira ere, etorkizunekoek kolorea eta bideoa erabili ahal izango dituzte, iPadak eta eta beste tableta batzuek baino bateria iraunkorragoak, tamaina txikiagoak eta prezio merkeagoak izaten jarraituz.
Argitaletxeek abagunetzat izan behar lituzkete aitzinapen teknologiko horiek, ohiko irakurleak ebooketara bideratzeko, horrek marjinak hobetuko bailituzke eta ekoizpen-kostuak murriztu, eta, aldi berean, liburuak erosteko ohiturarik ez duten baina multimedia edukiak dituzten ebookak erakargarri izango lituzketen kontsumitzaileentzat merkatu berri bat sortuko lukete.

Liburuaren industriak orain huts egiten badu merkatua sortzen, enpresak ohartuko dira geroago salmentak eta bezeroak galtzen ari direla, etorri berrien mesedetan. Gehiago oraindik, itxaroten geratuko balira, finkaturiko jokalariek gal lezakete aukera kontsumitzaileen itxaropenei erantzungo dieten prezio-politikak, ebooken formatuen estandarrak eta lankidetzak ezartzeko eta merkatua definitzeko. Gainera, saltzaile legitimatuek ez badute asmatzen kontsumitzaileen eskariei erantzuten, dela edukien aukeraren aldetik, dela arrazoizko prezioen aldetik, beren bezerogaiek jo dezakete fitxategiak partekatzeko webguneetara pirateaturiko liburuen bila – musikaren industriaren kasuan gertatu den bezala.
Garbi dago jende asko erabakitzen ari dela paperezko liburuetatik ebook eta irakurgailuetaranzko eraldaketa egitea. AEBetan berrikitan ikusi diren adibide batzuek erakusten dute kontsumitzaileak hasiko direla irakurgailuak erabiltzen, liburuak erosteko eta irakurtzeko prozesua errazten baitute.
Bitartean argitalpen-industria, bereziki Europan, eraldaketa digitalaren hasieran dago; aldaketa handia bidean da.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?